Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Txinako arkitekturari buruzko nazioarteko jardunaldi batek itxiko du ostiral honetan 2019ko MUGAKeko hitzaldi-saila

  • Ibilbidea lasaitasunerantz erakusketako jardueretako bi dira Txinako bi arkitektok emango dituzten hitzaldiak. Erakusketa horretan, 20 tenplu budista bertatik bertara ikusteko aukera ematen zaigu. Erakusketa urtarrilaren 24ra arte egongo da zabalik, eta nahi dutenek bertara joateko aukera izango dute, astelehenetik ostiralera, UPV/EHU Arkitektura Goi Eskolan.

 

Txinako kultura sekula ez da Euskaditik orain bezain hurbil egon. Ibilbidea lasaitasunerantz erakusketa hurrengo urtarrilaren 24ra arte egongo da ikusgai gurean, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioaren barruan, eta horren harira, ostiral honetan, eguerdiko 12:00etan, Shanghaiko bi arkitekto ospetsu etorriko zaizkigu Donostiara, eta Txinako zurezko eraikuntza-tradizioaren nondik norako guztien berri emango digute.                                                                            

Lehenik eta behin, tenplu budistei buruzko erakusketa ikusgai dagoen gunean bertan, tearen zeremoniari buruzko azalpenak emango dizkigute, eta horren ondoren, bi hitzaldiak entzuteko aukera izango dugu, ingelesez. Aurreneko hitzaldia Tongji Unibertsitateko (Txinako garrantzitsuenetako bat) Liu Yan irakasleak emango du; Eraikuntzaren gramatika Txinako zurezko arkitekturan izenburupean, Yan-ek bi egitura-mota esplikatuko ditu: Tailiang eta Txuandou izenekoak, hain zuzen. Bigarren hitzaldia, Avatamsakaren artea: Txinako arkitektura budista X. mendetik XII. mendera bitartean, Tianjin Unibertsitateko Ding Yao irakasleak emango du, eta Europako mugimendu barrokoaren paretsukoa izan zen estiloari buruzkoa izango da, hau da, “lore bat bezain polita” esan ohi zaion mugimenduari buruzkoa.

Weiqiao Wang arkitektoa da Ibilbideak lasaitasunerantz erakusketaren komisarioa. Bertan, Txinako Zhejiang eskualdeko mendietako hogeiren bat monasterioren plano, argazki eta maketak egongo dira ikusgai; besteak beste, Zazpi Pagoden Tenpluarenak.

Erakusketan tamaina handiko lau maketa daude ikusgai. Urtarrilaren 24ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan.

Weiqiao Wang erakusketaren komisarioak Shanghain eta Madrileko Unibertsitate Politeknikoan egin zituen ikasketak, eta beste unibertsitate batzuetan ere ikasi du, hala nola Harvard-en. Bere lanetan, monasterio budistak eta zistertarrak konparatzen ditu alderdi arkitektonikoan aintzat hartuta. Horretarako, ehundik gora monasteriotan ibili da Txinan, eta gaur egun, monasterioetako espazioei eta bizimoduari buruzko ikerketa-lan betean murgilduta dago.

2019ko MUGAKeko azken hitzaldia

Txinako bi arkitektoena izango da MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioaren barruko azken hitzaldia. Joan den urrian hasi eta urtarrilean amaituko da aurtengo Bienala. Bitarte horretan, 54 hitzaldi eta jardunaldi izan dira, eta 115 hizlari baino gehiago etorri dira gurera: arkitekturaren alorreko profesionalak, hirigileak, diseinatzaileak, artistak…

MUGAK Bienalari buruz

Bigarren edizioa du aurtengoa MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, eta ehundik gora jarduera antolatu ditu arkitektura gizartera hurbiltzeko eta hura beste diziplina batzuekin lotzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Bienalaren antolatzaile nagusia. MUGAKek bidegurutze izateko asmoa du, hau da, elkargune askotariko, transbertsal eta multikulturala izan nahi du, eta elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta bultzatu, estrategia berriak erkatu eta soluzioak bilatu, denon artean gizarte etikoago, justuago eta orekatsuago baten mugak definitzeko. 



Egitaraua prestatzen ari gara