Aurten, 2019an zehar, MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioa ospatuko dugu. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatua da proiektua, Etxebizitza Zuzendaritzaren bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala ditu laguntzaile.
Herritar guztiengana iristen jarraitzea da MUGAK egitasmoaren helburu nagusia, horren bidez Etxebizitza Zuzendaritzaren xedeetako bat betetzeko; hots, “arkitektura sustatzea”, hura gizartearen eskueran jarriz.
Arkitektoen Nazioarteko Batasuneko presidente Thomas Vonier-ek orain gutxi (2018/10/01), 2018ko Arkitekturaren Nazioarteko Egunaren karietara, esan duen bezala:
“Arkitekturari esker, gure mundua hobea izan daiteke denontzat. Arkitekturak aukera eman beharko liguke batik bat metropoli handietan bizi diren mundu osoko herritarren oinarri-oinarrizko premiei aurre egiteko.
Gaur egun, hauek dira mundu osoko 3 milioitik gora arkitektoon zeregin nagusiak: gizon-emakumeen oinarrizko premiei aurre egitea; hiriak bizitzeko egokiagoak, garbiagoak eta atseginagoak izan daitezen lortzea; behartsuenei etxebizitza duin eta egokiak izan ditzaten laguntzea, eta denentzako moduko espazio publiko seguru eta erabilgarriak eraikitzea.”
MUGAK egitasmoak bidegurutze izaten jarraitzeko asmoari eusten dio; gureak elkargune askotariko, transbertsal eta multikulturala izan nahi du, eta elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta bultzatu, estrategia berriak erkatu eta soluzioak bilatu, denon artean gizarte etikoago, justuago eta orekatuago baten mugak definitzeko.
Gainera, nazioarteko izaten jarraitzeari uko egin nahi ez badiogu ere, ez dugu bistatik galdu nahi Euskadikoa izatea dela Bienal honen asmo nagusietako bat. Horregatik, aurtengo edizioan, Bienalaren egoitza nagusian, Donostian, antolaturiko ekimenez gain, Bilbon eta Gasteizen ere hainbat jarduera programatu dira, Bienala Euskadiko beste bi hiriburuetara zabaltzeko asmoz.
Arkitekturaren festa handia da MUGAK eta herritarrei festa horretan parte har dezaten dei egitearen asmoa argia da, oso: arkitekturaren eta hark zerbitzatu beharko lukeen gizartearen arteko tartea txikitzea.