Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Euskadiko Hiri Agendak lurralde-plangintzaren eta politika jasangarrien lehen tokian finkatu du Euskadi

  • Eusko Jaurlaritzak eta NBE-Habitat erakundeak antolatutako Euskal Hiria 2019 kongresuak hiriek datozen hamarkadetan izango dituzten erronkei buruz eztabaidatuko duten nazioarteko hizlariak eta erakundeetako ordezkariak bilduko ditu Donostian gaur eta bihar.
  • Iñaki Arriola sailburuak azpimarratu duenez, “Bultzatu 2050 Hiri Agendak 2050. urterako nolako Euskadi nahi dugun adierazten du, eta hiri adimentsuagoak, berdeagoak eta integratzaileagoak sustatzeko egin beharreko ekintza multzo koherentea jasotzen du”.
  • Gizarte inklusioa, ingurumen jasangarritasuna, oparotasuna, klima-erresilentzia eta bizi-kalitate hobeago bat lortzea munduko hirien eta gizartearen kezkak direla adierazi du Shipra Narang-Suri (ONU-Habitat) Euskal Hiria Kongresuan.

Euskal Hiria 2019 kongresuaren lehen jardunaldia Euskadi lurralde-plangintzaren eta politika jasangarrien buruan kokatu duen Bultzatu 2050 Hiri Agendaren aurkezpen ofiziala egiteko foro gisa baliatu da. Asmo handiko dokumentu hori Nazio Batuen Hiri Agenda berrian oinarrituta dago, eta Garapen Jasangarriko Helburuak garatzen ditu, “hiriak leku inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izan daitezen eta, bertan, ezein pertsona eta ezein leku atzean gera ez dadin”. Horretarako, zeregin zehatz batzuk finkatu dira: zehazki, 8 lehentasun estrategiko ezarri dira, esku hartzeko 31 ardatzetan eta 105 jardun-ildotan egituratuak. 

Gaur eta bihar, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak NBE-Habitat erakundearekin lankidetzan antolatutako kongresuak 200 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu Donostiako Kursaal Jauregian. Parte-hartzaile horiek dagoeneko hasi dira hainbat gairi buruzko eztabaidak egiten (hala nola garapen jasangarriari, sozialki integratutako hiriei eta haiek eraginkortasunez inplementatzeko elementuei buruzkoak). 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eman dio hasiera kongresuaren edizio honi, eta, azpimarratu duenez, “Euskadiko Hiri Agenda parte-hartzean oinarritutako prozesu luze baten ondoren landu da”. Prozesu horretan, erakunde publikoek eta NBE-Habitateko, esparru akademikoko eta bikaintasun teknologikoko eta ikerketako zentroetako adituek hartu dute parte, besteak beste. Horren guztiaren emaitza, gaineratu duenez, “dagoeneko hurbil dugun 2050. urterako nolako Euskadi nahi dugun adierazten duen, eta hiri adimentsuagoak, berdeagoak eta integratzaileagoak sustatzeko egin beharreko ekintza multzo koherentea jasotzen duen dokumentu bat” da. Arriolak adierazi du Hiri Agenda berria tresna egokia dela “klima-aldaketaren erronkei, udazken demografiko baten aukerari edota iraultza teknologikorako egokitzapen adimentsuari gizarte-integrazioko espirituarekin eta ekitatez aurre egiteko”. Gainera, bere hitzaldian, “Hiri Agendaren edukia eta espiritua erakundeek eta, bereziki, udal-erakundeek garatzen dituzten politika zehatzetara eramateko premia” aipatu du sailburuak. 

Aurkezpenean, Arriola sailburuarekin batera, Shipra Narang-Suri egon da. Narang-Suri NBE-Habitateko planifikazio eta hiri-diseinuko zuzendaria da, eta Euskadik hirien garapena bultzatzeko duen konpromisoa azpimarratu du. “Euskal Hiria kongresuak 2002tik hirien erronken eta etorkizuneko aukeren inguruko eztabaidak ahalbidetzen ditu. Lurralde honek garrantzi handia ematen dio hiriei, kontuan izanda dagoen urbanizatzea GJH planaren eta Hiri-Agenda Berriaren aurrekoak direla” adierazi du. Gizarte inklusioa, ingurumen jasangarritasuna, oparotasuna, klima-erresilentzia eta bizi-kalitate hobeago bat lortzea mundu osoko kezkak direla aitortu du Narang-Surik

Hiri-garapena eta hiri inklusiboagoak

Gaurko jardunaldia baliagarria izan da, halaber, Hiri Agenda berria nazioarteko beste agenda batzuen testuinguruan kokatzeko. Nazioarteko agenda horiek, nolanahi ere, hiri-garapen jasangarriago baterantz aurrera egiteko tresna estrategiko baliagarri bihurtu dira, eta hiriak planifikatu, kudeatu eta gobernatzeko modua aldatzeko premia adierazi dute. Horretarako, Sustapen Ministerioko Hiri Politiken zuzendariorde nagusi Ángela de La Cruzek, Kataluniako Generalitateko Hiri Habitateko eta Lurraldeko idazkari Agustí Serrak eta Holandako Utrech Agendaren koordinatzaile Aldert de Vries-ek parte hartu dute. Kongresuak gaur arratsaldean jarraituko du, eta sozialki inklusiboagoak izango diren hiriak lortzeko premia izango da aztertuko den gai nagusia.

Napolesko Federico II.a Unibertsitateko irakasle Teresa Bocciak desberdintasuna, etxebizitza eta zerbitzuak eskuratzeko eskubidea, aldaketa demografikoa, hiri-migrazioak eta abar landuko dituen mahai-ingurua zuzenduko du. Harekin batera parte hartuko dutenak honako hauek dira: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jáuregui, Donostiako alkate Eneko Goia, Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareko presidente Leire Pajín, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Giza Garapenerako Teknologiaren Berrikuntza Institutuko Carlos Mataix, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta Gobernu eta Politika Publikoen Institutuko (IGOP) zuzendari Ismael Blanco

Euskal Hiria kongresua MUGAK Bienalaren barruan txertatu da aurten, eta Donostian nazioarteko arkitektura-bienal horren inguruan antolatuko diren erakusketa nagusietan zehar ibilbide bat eginez amaituko da. 



Egitaraua prestatzen ari gara