Euskadin arkitektura budista ikusteko aukera izango da MUGAK Bienalaren eskutik
1970 Urtarrila 1
- Ibilbidea lasaitasunerantz erakusketak ibilbide berezi bat egitea proposatzen digu, 20 tenplu budista bertatik bertara ikusteko.
- Erakusketa 2020ko urtarrilaren 24ra arte egongo da zabalik, eta nahi dutenek bertara joateko aukera izango dute, astelehenetik ostiralera, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskolan.
Asteazken honetan, hilak 20, inauguratu da Ibilbidea lasaitasunerantz erakusketa, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioaren barruan. Euskal ikusleek zurez eraikitako tenplu budisten arkitektura bertatik bertara ikusteko aukera izatea da asmoa, eta beste kultura batzuetako zurezko arkitektura batzuk erakustea ere bai.
Weiqiao Wang arkitektoa da Ibilbideak lasaitasunerantz erakusketaren komisarioa. Bertan, Txinako Zhejiang eskualdeko mendietako hogeiren bat monasterioren plano, argazki eta maketak egongo dira ikusgai; besteak beste, Zazpi Pagoden Tenpluarenak.
Erakusketan tamaina handiko bi maketa daude ikusgai. Urtarrilaren 24ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, Arkitektura Eskolan. Eta erakusketa ospatzeko, abenduaren 13an 13etan Txinatik etorritako bi arkitektura irakasleen hitzaldia izango dugu tenplu budisten inguruan, Liu Diyu Tongjiko Unibertsitatetik eta Ding Yao Tianjineko Unibertsitatetik izango dira gurean.
Weiqiao Wang erakusketaren komisarioak Shangain eta Madrileko Unibertsitate Politeknikoan egin zituen ikasketak, eta beste unibertsitate batzuetan ere ikasi du, hala nola Harvard-en. Bere lanetan, monasterio budistak eta zistertarrak konparatzen ditu alderdi arkitektonikoan aintzat hartuta. Horretarako, ehundik gora monasteriotan ibili da Txinan, eta gaur egun, monasterioetako espazioei eta bizimoduari buruzko ikerketa-lan betean murgilduta dago.
MUGAK Bienalari buruz
Bigarren edizioa du aurtengoa MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak, eta ehundik gora jarduera antolatu ditu arkitektura gizartera hurbiltzeko eta hura beste diziplina batzuekin lotzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Bienalaren antolatzaile nagusia. MUGAK-ek bidegurutze izateko asmoa du, hau da, elkargune askotariko, transbertsal eta multikulturala izan nahi du, eta elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta bultzatu, estrategia berriak erkatu eta soluzioak bilatu, denon artean gizarte etikoago, justuago eta orekatsuago baten mugak definitzeko.