Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Bienal Internacional de Arquitectura

Nabigazio-menura joan

Albisteak

Mundu osoko adituek gogoeta egingo dute Donostian Ulm-eko Eskolak gaur egungo diseinuan izandako eraginaz

  • MUGAK Bienaleko aurtengo edizioko jarduera nagusia da Sistemen diseinua: Ulm-eko Eskola eta Braun konpainia erakusketa, eta bertan, lehen aldiz erakusten dira eskola horretako lanak eta Braun konpainiarenak gordetzen dituzten hiru artxiboetako materialak. Jardunaldiak ere erakusketa horren bueltan antolatu dira.
  • Alemaniako eta Frantziako hainbat aditu etorriko dira azaroaren 11tik 13ra bitartean gurean egingo diren jardunaldietara, joan den mendeko 50eko hamarkadan sorturiko eskola bikain horrek gaur egungo diseinuan zer-nolako eragina izan duen hausnartzea helburu harturik.
  • Braun konpainiako zuzendari artistikoa inspirazio-iturritzat dute gaur egungo ezin konta ahala diseinatzailek, hala nola Apple-ko Jonathan Ive-k, eta haren lanari buruz gehien dakien aditua, Klaus Klemp, gurean egongo da.

 

Hurrengo astean, MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalean, diseinua hartuko dugu hizpide: gaur egun diseinua ulertzen dugun modua, zehatz esatera; eta horretarako, hain zuzen, Ulm-eko HfG Ulm-aren ikasbideak izeneko jardunaldiak egingo dira, Euskadiko Arkitektura Institutuan, azaroaren 11tik 13ra bitartean, Ulm-eko Eskolak diseinuaren alorrean zer nolako eragina izan duen aztertzea helburu harturik.

MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko aurtengo edizioko jarduera nagusiaren bueltan antolatu dira jardunaldiak: Sistemen diseinua: Ulm-eko Eskola eta Braun konpainia orain arte inoiz ikusi gabeko erakusketa bat da, 150en bat lan ikusgai dituena, denak ere Ulm-eko Diseinu Eskolaren eta Braun konpainiaren ondarea gordetzen duten Alemaniako hiru artxiboek utziak. Erakusketa bi aretotan ikusteko aukera egongo da: Euskadiko Arkitektura Institutuan eta San Telmo museoan, biak ere Donostiako Alde Zaharrean; eta urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik.

Jardunaldiei ekiteko, azaroaren 11n, astelehena, nazioarteko hiru hizlari ospetsu ariko dira solasean: Klaus Klemp doktorea, Frankfurteko Angewandte Kunst museoko zuzendaria, René Spitz doktorea, Koloniako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko irakasle eta Ulm-eko Eskolarekin lotutako hainbat alderditan aditua dena, eta Martin Mäntele doktorea, Ulm-eko Hochschule für Gestaltung artxiboko zuzendaria. Hirurak ere aditu handiak dira Ulm-eko Eskolan eta Braun konpainiaren lanetan, eta Donostian egingo diren jardunaldiotan elkartuko dira lehen aldiz, Ulm-eko Eskolari buruzko erakusketa handiaren karietara.

Mäntele-k Ulm-eko Eskolaren eredu iraultzaileari buruzko ikuspegi orokor bat eman eta bertako irakasleen irakaskuntza-metodoa xehatuko; Klemp-ek, berriz, Dieter Rams Braun konpainiako zuzendari artistikoa hartuko du hizpide; eta Spitz-ek, azkenik, eskolaren sortzaileetako bat izan zen Otl Aicher diseinatzaile grafikoaren prozesu intelektual eta arrazionala azalduko du, 1972ko Munich-eko Olinpiar Jokoetan aplikatu zituen forma soil eta xumeak eredutzat harturik.

Asteartean, azaroak 12, Gillermo Zuaznabar eta Neus Moyano komisarioak izango dira protagonista, eta Ulm-eko Eskolaren sorrera-urteak eta eskolaren alderdi arkitektonikoenak hartuko dituzte hizpide (Max Bil lehenengo zuzendariak sorturiko eraikina, besteak beste). Asteartean, halaber, gurean egongo da François Chastanet diseinatzaile frantsesa, eta Ulm-eko Eskolak Euskadin izandako eraginaren adibide modura, Otl Aicher-ek, Norman Foster arkitekto britainiarrarekin elkarlanean, Bilboko Metrorako sortu zuen seinaleztapen-sistema aztertuko du.

Azaroaren 13ko saioan, Ulm-eko Eskolako diseinatzaileek nola proiektatzen zuten aztertu eta esplikatuko digute Toledoko Arkitektura Eskolako irakasleek, eta gogora ekarriko dute Ulm-ekoek geometria librea erabiltzen zutela eta, hutsetik abiaturik, beren diseinuak “teknikoki zuzenak, funtzionalak eta estetikoki bikainak” izan zitezen lortzea zutela helburu. Eskolako atariko ikastaroetan ere sakonduko dute, eta atariko ikastaro horiek Bauhaus-eko irakasleen ereduarekin lotuko dute.

Beste hainbat kontu ere aztertuko dira jardunaldietan, denak ere garrantzi handikoak Ulm-eko Eskola ondo ulertzeko; esate baterako, Ulm-ekoek erabat baztertu zutela erabili eta botatzearen kontzeptua, altzariak moduluka eraikitzen hasi zirela, objektu moldaerraz eta polibalenteak eraiki zituztela, eta, batez ere, beren helburu nagusia ez zela diseinatzea, baizik eta diseinuaren bitartez arazoak konpontzea, horrek gizarteari onura ekar zekion.

 

Argazkia: 

Tierbaukasten, 1958

Animal Module Toy System (Single elements), 1958

Independent Work

Student: Hans von Klier



Egitaraua prestatzen ari gara