Rafael Moneo (Tudela, 1937). Arkitektoa.
Arkitekto nafarrari 1996an eman zioten Pritzker saria, eta bera izan zen sari hori jaso zuen aurreneko arkitekto espainiarra. Moneok Madrileko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (ETSAM) ikasi zuen, Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoarekin hainbat proiektutan lan egin ondoren. 60ko hamarkadan, Danimarkan jardun zuen lanean Sydney Opera House famatuaren egile Jørn Utzon arkitektoaren estudioan. Irakasle ere aritu da Moneo, Princeton, Harvard eta izen handiko beste unibertsitate batzuetan. Jaso dituen sari ugarien artean, ezin aipatu gabe utzi Arteen Asturiasko Printzea saria eta arkitekturako Mies van der Rohe saria, Donostiako Kursaal jauregiagatik eman ziotena. Azaroan itzuliko da Moneo hain arrasto sakona utzi duen hirira, Donostiara (Kursaal jauregiaz gain, hortxe daude Urumea eraikina, Iesu eliza eta Donostiako Elizbarrutiko museoa, denak ere Moneok eginak).
Hurrengo azaroaren 28an, aurten Kursaal jauregia inauguratu zenetik 20 urte betetzen direla ospatzeko, Rafael Moneo arkitektoa eta Iñaki Gabilondo kazetaria elkarrekin solasean jarriko ditugu Kursaaleko Ganbera Aretoan. Kursaal jauregia Moneoren lanik entzutetsuenetako bat da, eta hari buruz hitz egingo dute arkitekto nafarrak eta kazetari donostiarrak; besteak beste, Kursaalak hiriko ekonomiari nola eragin dion eta inguruan zer-nolako eragina izan duen hartuko dute hizpide, eta horrez gainera, eraikinaren bilakabideaz, hiriez, herritar izateaz eta bizitzaz ere arituko dira solasean. Izena eman nahi duenak, azaroan bertan izango du horretarako aukera, Kursaalaren web-orrian.